Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

patristika

iz. Erl. Elizako gurasoek idatzitako obren bilduma. VIII. mende arteko idazkiak hartzen ditu, eta Itun Berriko testuak kanpoan geratzen dira. Obra horiek gehienbat grekoz eta latinez idatzirik daude, nahiz eta batzuk siriakoz edo Ekialde Hurbileko beste hizkuntza batzuetan emanak diren.  v Patristikaren hiru aldiak. Patristikaren lehen aldiko obrak (I. eta II. mendeak) apologetikoak dira, paganismoaren hutsen eta aurreiritzien aurka dihardutenak. Aldi horretako autoreak dira: San Klemente I.a, San Ignazio Antiokiakoa, San Polikarpo, Papias. Bigarren aldian III. mendetik V. mende erdia arteko obrak eta autoreak sartzen dira; aldi horretan heleniar filosofiaren eta kristau erlijioaren arteko hurbilpena gertatzen da, Alexandriako eskolaren eta, batez ere, Klementeren eta Origenesen lanei esker. Garai bertsukoak dira, besteak beste, San Justino, San Ireneo, Tertuliano eta San Zipriano. Nizeako kontzilioa egin eta ondorengo ehun urteak patristikaren urrezko aroa izan ziren. Garai horretako autore batzuk nabarmentzen dira: Eusebio Zesareakoa, Anastasio, San Basilio Handia, San Gregorio Nizeakoa, San Gregorio Naziantzakoa, San Joan Krisostomo… Azkenik, San Agustin Hiponakoaren (354-430) obra erraldoiak pentsamendu neoplatonikoaren eta kristauaren sintesia egin zuen; San Agustinen obrak XIV. mendearen amaiera arteko Europa kristauaren kultura oinarria ezarri zuen. Hirugarren aldia (450etik VIII. mendea arte) patristikaren beheraldikoa da; gehienbat aurrez azaldutako dotrinen sistematizazioaren aldia izan zen. Horretan autore nagusi batzuk nabarmendu ziren, hala nola Pseudodionisio Aeropagita, Isidoro Sevillakoa, Boezio, San Gregorio Handia edo San Joan Damaskokoa.