Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pazko uhartea

edo Rapa Nui. Ozeano Bareko ekialdeko uhartea, kostaldetik 3.600 km-ra, Txileko Valparaiso probintziaren administraziopean dagoena. 163 km2 ditu eta 1.928 biztanle. Hiriburua eta portu nagusia, Hanga Roa. Herri nagusiak: Vinapu, Hotu Iti eta Anakena. Aireportua. Polinesiako uharteetan ekialdeen dagoena da eta sumendiek eragindako uhartea da. Rano Kau, Rano Aroi eta Rano Raraku dira sumendi nagusiak (ez daude piztuta). Klima tropikala da (20° C urtean batez beste eta 1.300 mm euri ur). Garai batean Pascuako lur eremuak basoz estaliak zeuden; gaur egun berriz belarra eta zuhaixkak dira nagusi. Ekonomiari dagokionez laborantza (patatak, garia, garagarra, fruitu arbolak, tabakoa, azukre kanabera), abere hazkuntza (ahuntz eta ardi azienda) eta arrantza dira ekonomia jarduera nagusiak. Turismoak ere garrantzi handia du. Polinesiar jatorrikoak dira bertako biztanleak.  v Artea. Oso ezagunak dira uharte honetako eskultura erraldoiak, sumendi harkaitzetan eginak. Gorputz enborraz eta buruaz osatutako irudiak dira, harrizko plataforma edo ahus-etan finkatuak. Ez dago zehazterik, oraingoz, nork eginak diren ez noiz. Zenbaiten ustetan 700-850 bitartean egin zituzten ahus-ak eta 1000-1600 urteen artean harrizko irudiak. 600 eskulturatik gora daude barreiaturik uhartean zehar; erlijio eginkizuna edo hileta funtzioa betetzen zuten ezbairik gabe.  v Historia. 400. urtean Marquesas uharteetatik hurbildutako polinesiarrak izan ziren lehen biztanleak. 1722. urtean iritsi zen hara lehen europarra, Jacob Roggeveen holandarra. 1770. urtean iritsi zen lehen espedizio espainiarra eta handik lau urtera James Cook itsasgizon ingelesa. Peruko meatzetan lan egiteko esklabo bihurtu izanak eta baztanga epidemia batek arras murriztu zituen XIX. mendean bertako biztanleak (3.000 biztanle 1860. urtean eta ehunka batzuk 1877. urtean). Txileko administraziopean dago 1888. urtea ezkero eta 1965. urtean txiletar herritartasuna hartu zuten hango biztanleek.