Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pascal, Blaise

Frantziar matematikari, fisikari, filosofo eta idazlea (Clermont-Ferrand, 1623 - Paris, 1662). Goi mailako burges familia batean jaio zen; 1631. urtean Parisa joan zen bizitzera bere familiarekin. Aitak zientziarako zuen zaletasunaz eta kezkaz baliatu zen gazte gaztetandik zientzialari taldeekin harremanetan jartzeko. Berehala hasi zen zientziarako zaletasuna nabaritzen eta 11 urte zituela hotsei buruzko lan bat idatzi zuen. 1635ean Mersenne-en taldeko zientzia akademian onartu zuten; 16 urterekin konikei buruzko saiakera bat idatzi zuen; 19rekin kalkulatzeko tresna bat asmatu zuen. 1646, 1647 eta 1648. urteetan hutsuneari buruz egin zituen saioen txostena argitaratu zuen hiru lanetan; horiek guztiek, modu batera edo bestera, Torricelli-ren saioa errepikatzen zuten. 1651. urtean aita hil zitzaion eta bere arreba komentu batean sartu zen 1652an: orduan, are arreta handiagoz arduratu zen Pascal fisikari eta matematikari buruzko problemen ikerketaz. 1654an, eta bere bizia arriskuan jarri zuen istripu batek eraginda beharbada, bizimoduz erabat aldatu zen. Monasterio batera erretiratu zen penitentzia egitera, eta zientzia ikerketak alde batera utzi gabe moralak hartu zuen bere kezken lehen lekua. Beste bi lagunekin jansenismoa defenditu eta Sorbonneko unibertsitatea eta jesuitak kritikatzen zituzten hemezortzi eskutitz argitaratu zituen (Les Provinciales). Azken urteetan kristautasunaren apologia bat prestatzen egin zituen eginahal handienak. Gaixotasunak jota lan hori ezin izan zuen amaitu; bere lagunek 1670ean argitaratu zuten Pensées liburuan jasoak daude bere azken lanaren zati batzuk.  v Pascalen printzipioa. Fis. Pascalek azaldu zuen hidrostatikako printzipioa: konprimakorra ez den eta orekan dagoen isurkari baten puntu batean eragiten den edozein presio aldaketa norabide guztietan transmititzen da intentsitate berberaz. Prentsa hidraulikoa printzipio honetan oinarritzen da.  v Pascalen teorema. Geom. Konika batean inskribatua dagoen edozein hexagonotan aurkakoak diren hiru bikote aldeen ebaketa puntuak marra batean lerrokatuak daude. Marra horri Pascalen lerroa deitzen zaio.  v Pascalen hirukia. Hiruki forma duen zenbaki banaketa, zenbaki bakoitza goragoko iladan bere alboan dauden bi zenbakien batura izatea ezaugarritzat duena. Ilara bakoitzeko zenbakiak (a+b)n Newton-en binomio koefizienteekin bat datoz.