Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ortega y Gasset, José

Espainiar filosofoa eta humanista (Madril, 1883 - Madril, 1955). Eragin handia izan zuen Espainiako XX. mendeko kulturaren eta literaturaren pizkundean. Filosofia ikasketak Madrilen egin eta Alemanian osatu zituen. Hasieran neokantismoaren eragina izan zuen, baina gero pentsabide horretatik urrundu zen. Ortega y Gassetentzat gizabanako bakoitzaren bizia da errealitatearen funtsa, eta aldakorra eta dinamikoa da; bai arrazionalismoa bai arrazoitu gabeko bitalismoa ukatu zituen, eta bizi-arrazoia hartu zuen bere filosofiaren ardatz, esaldi honetan laburbildu zuena: “Neu eta neure egoera naiz ni”. Metafisika irakaslea izan zen Madrilen (1910-36). España (1915) eta El Sol (1917) egunkariak eta Revista de Occidente (1923) aldizkaria sortu zituen. 1931. urtean diputatu hautatu zuten. 1936an, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, Europa eta Argentinara erbesteratu zen. 1945ean itzuli zen, eta Instituto de Humanidades erakundea sortu zuen Madrilen.  v  La Rebelión de las masas (1929, Jendetzaren iraultza) liburuan XX. mendeko gizartea erdipurdiko gizatalde handi baten mendean zegoela, eta gizartearen gidaritza aukeratutako intelektual batzuen gidaritzapean utzi behar zela zioen. Orobat, Ortega y Gassetenak dira, beste askoren artean Adán en el paraíso (1910), Meditaciones del Quijote (1914), El espectador (1916-35), España invertebrada (1922), El tema de nuestro tiempo (1923), La deshumanización del arte (1925), Historia como sistema (1940) eta ¿Qué es la filosofía? (1958).