Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oliveira, Manoel de

Portugaldar zinemagilea (Porto, 1908). Bere hirian, Espainian eta Frantzian egin zituen ikasketak. Portugalgo lehen filmetan paper txikiak jokatzen hastearekin batera, 35 mm-ko kamera bat erosi zuen eta Douro, faina fluvial (1931, Duero, ibaiko lana) filmatu zuen: Douro edo Duero ibaiako langileei buruzko dokumentala, urte hartan bertan Lisboako Kritikarien Nazioarteko Kongresuan saritua. Hurrengo urteetan egin zituen dokumentalei oso harrera txarra egin zien eskuin muturreko diktadurak. Handik gutxira bere lehen fikziozko film luzea egin zuen, Aniki-Bobo (1942): filmean haurren jolasez baliatu zen helduen mundua azaltzeko. Teknika aldetik perfektoa ez bada ere, obra poetikoa da, sinbolismo liriko handiz egina. Hala ere, filmak ez zuen inolako arrakastarik izan, eta hamalau urtez ez zuen film gehiagorik egin. Geldialdi horren ondoren O pintor e a cidade (1956, Margolaria eta hiria) dokumentala egin zuen, eta fikziozko beste lan bati ekin zion gero: O ato da primavera (1963). 1970eko hamarraldian film asko egin zituen, eta izen handiko zuzendaria izan zen Iragana eta oraina izenkoaz gero (1972): goi burgesiaren diru gosearen satira zorrotza, Luis Buñuelen lanak gogorarazten dituena. Beste lan aipagarri batzuk: Francisca (1981), Castelao Branco idazlearen bizitzari buruzkoa; Abrahamen ibarra (1993), Gustave Flauberten Madame Bovary obran oinarritua; Party (1995); Bidaia munduaren hasierara (1997), Marcello Mastroianni italiar antzezleak parte hartu zuen azkena.