Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Olivares konde-dukea (Gaspar de Guzmán y Pimentel)

Espainiako politikaria (Erroma, 1587 - Toro, 1645). Haren anaia nagusia hil zenean gortera joan zen, eta han Filipe printzearen, ondoren errege izango zenaren, adiskide egin zen. Filipe IV.ak aginpidea lortu zuenean Gaspar de Guzmán-en eskuetan utzi zuen gobernua, eta hark oso gobernu gogorra ezarri zuen. Aurreko agintaldiko pertsona garrantzizko guztiak baztertu zituen, aginpidea eskuratzeko orduan bere kontra inor ez izateko. Erreinuko barne politikaren eta ekonomiaren antolaketa aldatu nahi zituen eta horretarako La Unión de Armas sortu zuen: harekin zergen sailkapena erreinuko lurralde guztietan berdina izango zen. Ekonomia politika horren ondorioz Kataluniako eta Portugaleko matxinadak gertatu ziren (1640). Kanpo politikan ez zuen luzatu izan nahi Holandarekin izenpeturik zegoen 12 urteko su-etena, eta horrek Probintzia Batuen burujabetasuna eragin zuen. Hogeita hamar urteko gerran eta gero Frantziaren kontrako gerran sartu zen eta horrela Espainiako monarkiak bost fronte desberdinetan borrokatu behar izan zuen (Flandesen, Frantzian, Germaniako Inperioan, Katalunian eta Portugalean). Azkenean erregeak kargutik kendu behar izan zuen (1643) eta Luis Mendez de Haro jarri zuen haren lekuan. Bazterturik hil zen.