Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nusrat Fateh Ali Khan

Jatorri sufiko kantari pakistandarra (Faisalabad, Pakistan 1948 - Londres, 1997). Qawwali kantu erlijiosoaren Asiako interprete onenaren ospea du; kantu hori mota musikazko trantzearen eta estasiaren bidez ezagutzara iristeko bidea da. Laurogeiko hamarkadan Europan eta Estatu Batuetan zehar kontzertuak ematen hasi zen. Frantzian izan zuen arrakastarik handiena, eta Ocora diskoetxeak bere kontzertu batzuk argitaratu zituen, giro modernoetan arrakasta handia izan zutenak. Peter Gabrielek lehen WOMAD jaialdietarako kontratatu zuen, eta Londresetik mundu osora hedatu zen bere ospea; 1990ean Nusrat Fateh-ren lan berri bat produzitu zezan proposatu zion P. Gabrielek Michael Brok kanadar abangoardistari bere Real World diskoetxean. Mustt Mustt izan zen elkarlan horren emaitza, ohiturazko qawwali sufia teknologia aurreratuenarekin eta diskotekako erritmoekin nahasten dituena. Arrakasta are handiagoa izan zuen Massive Attack taldeak gai hori trip-hop-arekin nahastu zuenean. 1996an beste disko arrakastatsu bat egin zuen Michael Brook ekoizlearekin, Night song, tradizioa eta teknoa biltzen dituena. Bere musika mendebaldeko film askoren soinu-bandetan erabili da.