Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nordenskjöld, Adolf Erik

Suediar esploratzailea eta naturalista (Helsinki, 1832 - Dalbjö, 1901). Finlandian jaio zen baina arrazoi politikoak zirela eta Suediara erbesteratu behar izan zuen. Irakaslea izan zen Stockholmen. 1858an eta 1861ean Artikora egindako bi espediziotan parte hartu zuen. 1864an eta 1868an Svalbard uharteetara zihoazen espedizioak antolatu zituen, bide horretatik iparburura iritsiko zelakoan; ez zen heldu baina garrantzi handiko aurkikuntza zientifikoak egin zituen. 1870ean Groenlandiako mendebaleko kostaldea ikertu zuen. 1875ean Ienisei ibaiaren bokaleraino iritsi zen eta Europaren eta Errusiaren arteko merkataritzarako bide berri bat aurkitu zuen. Harrezkero haren helburu nagusia ipar-ekialdeko igarobidea aurkitzea izan zen. 1878an Göteborgetik irten zen Vega izeneko itsasontzian, Txeliuskin lurmuturra iragan eta Lena ibaiaren bokalera iritsi zen; Ekialdeko lurmuturra atzean utzi eta Japoniara iritsi zen. Suez ubidetik itzuli zen Europara. 1880ean”Vega”n egindako bidaldia izeneko liburua argitaratu zuen. Faksimil bildumak eta mapa zaharrei buruzko ikerketak ere argitaratu zituen: Facsimil Atlas (1889) eta Periphus (1897).