Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Noriega Moreno, Manuel Antonio

Panamar politikari eta militarra (Panama, 1940). Militar ikasketak egin zituen Perun. 1968an Omar Torrijos jeneralaren kolpe militarra lagundu zuen, eta urtebete geroago, Guarda Nazionalaren Zerbitzu Sekretuen buru izendatu zuten. Agintaritzatik arma eta droga trafikoari bidea erraztu zion, eta Panamako botere guztiak kontrolatzera iritsi zen erakunde demokratikoei muzin eginez. 1989an Estatu Batuetako armadak Panama inbaditu zuen eta Noriega atxilotu zuen. Floridan epaitu zuten, droga trafikoa, diru zuritzea, Hugo Spadaforaren heriotzan parte hartzea eta beste delitu batzuk egiteaz akusatuta (1992). Berrogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten.