Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nobel, Alfred

Suediako kimikari eta ingeniaria (Stockholm, 1833 - San Remo, 1896). San Petersburgon egin zituen ikasketak, familia hara joana zelako lanera, eta 1859an itzuli zen Suediara. 1865ean, nitroglizerinarekin lanean ari zela, dinamita asmatu zuen. 1875ean, gomazko dinamita sortu zuen eta, 1877an, nitroglizerina eta nitrozelulosa nahastuz, balistita izeneko lehergaia. Lehergailu lantegi asko sortu zituen Europan eta Estatu Batuetan. Testamentuan bere izena duen fundazioari (Nobel fundazioari) utzi zion bere ondare guztia, hark urtero bost sari bana zitzan. Hala sortu ziren Nobel sariak.  v  Nobel sariak. Alfred Nobelek sortu zuen fundazioak urtero ematen dituen sariak. Alfred Nobelek fundazio bat sortzea erabaki zuen bere testamentuan eta hari utzi zion bere ondare guztia, hark diruak administratu eta ematen zituzten interesetatik urtero bost sari bana zitzan jakintza alorretan eta munduko bakearen alde gehien nabarmendu ziren pertsonen artean. Hala sortu ziren Nobel sariak (1901ean eman ziren lehenengoak). Hasieran bost izan ziren: Fisikakoa, Kimikakoa, Medikuntzakoa, Literaturakoa eta Bakearena, baina, 1969an, beste bat sortu zen, Ekonomiakoa.