Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nkrumah, Kwame

Ghanako errepublikako politikaria (Nkroful, 1909 - Bukarest, 1972). Ekonomia eta soziologia ikasketak egin zituen Estatu Batuetan. 1945ean Britainia Handian zela Afrikako independentziaren aldeko borrokan hasi zen. 1947an Ghanara itzuli zen eta UGCC (United Gold Coast Convention, Urrezko Kostako Konbentzioaren Batasuna) alderdi abertzaleko idazkari nagusi izendatu zuten. 1949an alderdi hori utzi eta CPP (Convention People’s Party, Herriaren Konbentzioaren Alderdia) sortu zuen. 1950eko iskanbilak zirela eta espetxeratu zuten. Haren alderdiak 1951ko hauteskundeak irabazi zituenean askatu egin zuten eta Britainia Handiko gobernuak Lehen Ministro izendatu zuen. 1957an Ghanak independentzia eskuratu zuen. Afrikako estatu burujabeen higikundeak eta kolonialismoaren aurkakoak 1958an Akkran egin zuten batzarra sustatu zuen eta panafrikanismoaren buruzagi izan zen. 1960an errepublikako lehendakari izendatu zuten; sozialismorantz bideratu zuen bere politika. 1965ean lehendakari izendatu zuten berriro ere. 1966an, Txinan zela, militarren estatu kolpe batek aginpidetik kendu zuen eta Ginean erbesteratu zen.