Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nkomo, Joshua

Zimbabweko politikaria (Semokwe, 1917 - 1999). 1945etik 1950era burdinbideetako langileen sindikatuko idazkari nagusi izan zen. 1957an ANC-eko (African National Congress, Afrikako Nazio Kongresua) lehendakari izendatu zuten. 1961ean ZAPU sortu zuen (Zimbabwe African People’s Union, Zimbabweko Afrikar Herriaren Batasuna), beltz abertzaleak biltzen zituen erakundea. 1962an Rhodesiako gobernuak ZAPU debekatu eta Nkomo atxilotu zuen; 1964an Mozambiketik hurbil zegoen presondegi batera eraman zuten. 1971ean NBEko Segurtasun Erakundeak Rhodesiako gobernuari Nkomo aska zezala eskatu izanagatik, preso jarraitu zuen 1974 arte. 1977an Fronte Abertzalea izeneko erakunde armatuko lehendakaria izan zen Robert Mugaberekin batera. 1980ean hausteskundeak egin ziren eta Nkomoren alderdiak jarleku gutxi batzuk besterik ez zituen eskuratu Legebiltzarrerako. Mugabek, berriz, gehiengoa eskuratu zuen. Mugabe gobernuburu berriak Nkomo izendatu zuen Barne Arazoetako ministro; 1982an gobernutik bota zuen azpilanetan ari zela salaturik. 1987an Mugabek eta Nkomok hitzarmen bat sinatu zuten eta Nkomo ministro izendatu zuen berriro ere. 1994an presidenteorde kargua izan zuen.