Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mussolini, Benito

Italiar politikaria (Dovia di Predappio, Forli, 1883 - Giulino di Mezzegra, Como, 1945). 1900. urtean Alderdi Sozialistan sartu zen, eta Avanti alderdi sozialistaren aldizkari ofizialaren zuzendari izendatu zuten. Lehen Mundu Gerran Frantziaren alde agertu zelako salaketapean alderditik bota zuten. 1919an Italiako fascioak sortu zituen, 1921ean eratu zen Alderdi Faxistaren oinarri izan zirenak. Erromarako martxa antolatu zuen, aginpidea lortzeko asmoarekin, eta 1922an erregeak gobernua antolatzeko agindua eman zion. Duce titulua hartu zuen eta legez kanpo utzi zituen alderdi eta sindikatu ez faxista guztiak eta indarrik gabe prentsa askatasuna. 1925. urtean eman zion hasiera erregimen faxistaren diktadurari. Alemaniarekin elkartu zen Bigarren Mundu Gerran (1940). Italiak izan zituen hondamendi militarren ondorioz Kontseilu Faxista Nagusiak atxilotu egin zuen (1943). Alemaniarrek askatu ondoren, Salòko Errepublika aldarrikatu zuen, eta zapalkuntza latza bideratu zuen. Alemaniarren babesa galdu zuenean, Suitzara ihes egin nahi izan zuen, baina Italiako erresistentziak atxilotu eta hil egin zuen.