Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Murga de la Barrera, José María

Bizkaitar politikaria (Xemein, 1770 - Bilbo, 1834). Markinaldeko etxe noble batean jaio zen eta Madrilen egin zituen ikasketak. Konbentzioko gerran frantsesen aurka borrokatu zen eta ondoko urteetan Markinako alkatea izan zen. 1800-1802 bitarteko urteetan Bizkaiko diputatu nagusia izan zen eta Zamakolada baino lehen (1804) Bilboko ahalduna, baina kargua utzi zuen une zail haietan. Matxinada horri buruzko oroit-idatzi bat prestatu zuen gero. Napoleonen osteak Hego Euskal Herrira sartu zirenean haien zerbitzura jarri zen eta, Diputazioa utzi ondoren, agintari frantsesek eratu zuten kontseiluko kide izan zen. Hala ere, 1814an, ohorezko aipamen bat egin zioten Gernikako Batzar Nagusietan Bizkaiko foruen alde egindako lanengatik. 1820-1823 bitarteko urteetan Bilboko alkate izan zen eta 1834an hil zen kolerak jota. Historiako liburuak idatzi zituen: Observaciones sobre algunas crónicas de los reyes de Castilla (1816, Gaztelako errege batzuei buruzko kronikei eginiko oharrak) eta Memoria confidencial y justificativa de los sucesos que prepararon en Bilbao el alzamiento de la Zamacolada.