Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Muguruza Ugarte, Jabier

Gipuzkoar musikari eta idazlea (Irun, 1960). Haurra zela, akordeoia jotzen zuen Donostiako Kontserbatorioko Akordeoi Orkestran, eta sari asko irabazi zituen bakarlari gisa (lau Europako kopa, besteak beste, haur mailan). 1989an hasi zuen bere musikari karrera, haurrei zuzendutako Ja, ja diskoarekin. 1990ean Les Mecaninies taldea sortu zuen, pop eta jazz musika estiloak batuz, eta hiru disko argitaratu zituen 1993 bitartean. Orduan hasi zuen bere bakarkako ibilbidea. Dena dela, 1996an, Sergio Ordońézekin eta bere anaia Ińigorekin batera, Joxe Ripiau taldea sortu zuen. Taldeak lau disko argitaratu zituen, 2000an desagertu zen arte. Bakarkako karreran bederatzi disko argitaratu ditu dagoeneko, bere testuak ez ezik euskal idazle askorenak bilduz, eta, gehienetan, pop kutsuko musika landu eta intimista sortuz: Boza barruan (1994), Kitarra bat nintzen (1996), Aise (1998), Fiordoan (1999), Hain guapa zaude (2001), Enegarren postala (2003), Liverpool-Gernika (20004), Abenduak 29 (2005), eta Konplizeak (2007). Idazle gisa, haur literatura (Sei lagun, sei sekretu, 1994; Gabon guanito, 1995; Sebas leihotik begira, 2001; Zubi misteriotsuan, 2001) zein heldu literatura (Bizitza pusketak, 1996; Laura kanpoan da, 1999) landu ditu.