Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Muguruza, Fermin

Gipuzkoar kantari eta kantagilea (Irun, 1963). Jabier eta Iñigo anaia musikarien artean erdikoa da bera. Kortatu (1984-1988) eta Negu Gorriak (1990-1996) taldeetan aritu ondoren, 1997an Dut talde hondarribitarrarekin batera Ireki ateak diskoa osatu zuen, eta bira luzea egin zuen Europan eta Amerikan zehar. 1998an Amodiozko eta gorrotozko kantak/Canciones de amor y odio (1984-1998) diskoan jaso zituen hamalau urteko ibilibidea islatzen zuten hamabost kanta, Kortatu, Negu Gorriak eta Dut-ekin grabatutakoak zein beste musikagile eta talde batzuekin elkarlanean eginak. Talde zabal eta aldakor batek inguraturik ekin zion hurrengo lanari ere, aurrekoetan bezala injustiziaren salaketan eta musikaren ikuspegi zabal batean oinarrituta (Brigadistak Sound System, 1999). 2000. urteko birarako, Brigadistekin batera egindako lana berrirakurtzeari ekin zion Dub Manifest taldea osatuz. Taldea, Muguruzarekin batera, Mikel Abrego (bateria), Oskar Benas (gitarrak), Sorkun (ahotsak), Hugues Schecroun (teklatuak), Brice Toutoukpo (baxua), Stefano Cecchi (tronpeta) eta Francesco Antonozzi (tronboia) osatzen zuten.