Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mourad, Kenizé

Frantses idazlea (Paris, 1939). Ama turkiar sultan bat zuen eta aita raja. Suleiman Handiaren ondorengoa zen, baina ez zuen bere jatorriaren berririk izan nerabezaroa arte. Amak Indiatik ihes egin zuen haurdun zegoela eta Parisen hil zen pobrezian. Urte eta erdi zuela bere amaren eunukoa zen Zeynelen babesean gelditu zen. Zeynelek Suitzako enbaxadan utzi zuen umea, eta bost urte bete zituen arte suitzar familia batekin bizi izan zen printzesa txikia. Moja eskola batean sartu zen eta azkenean frantses mojekin gelditu zen. Psikologia karrera egin zuen Parisen, eta ikasle zela, eskola partikularrak ematen zituen eta gozokiak eta opera egitarauak saltzen zituen. Aita hogeita bat urte zituela ezagutu zuen. Adin horrekin Indiara joan zen han gelditzeko asmoarekin, baina kultura desberdintasunak zirela-eta, sei hilabete besterik ez zituen han egin. Parisen hartu zuen bizilekua eta bi urtean zehar Air France-ko azafata izan zen. Ondoren Le Nouvel Observateur-en hasi zen lanean gerra berriemaile gisa. Kazetari gisa, Indiako eta Ekialde Hurbileko gaietan espezializatu zen. 1980an kazetaritza utzi eta bere amaren bizitza kontatzeari ekin zion. 1988an Printzesa hilaren partetik eleberria argitaratu zuen; hamalau hizkuntzatara itzuli zen eta arrakasta handia izan zuen. Handik hamar urtera Lorategi bat Badalpur-en idatzi zuen, hau ere autobiografikoa eta aurrekoaren jarraipena.