Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Monroe, Marilyn

(Jaiotza izenez, Norma Jean Mortenson). Estatu Batuetako zinema antzezlea (Los Angeles, 1926 - Los Angeles, 1962). Zinema munduak inoiz eman duen sex symbolik ezagunena. 1950-60 urteetan ospe handia lortu zuen. Ederra bezain inozoa zen ile-horiarena egiten zuen film gehienetan; Hollywood-eko presioek guztiz lur jotakoaren irudia izan zen. Hasierako filmetatik aipagarriak dira, besteak beste: Gentlemen prefer blondes (1953, Gizonek nahiago dituzte ile-horiak) eta How to marry a millionarie (1953, Aberats batekin nola ezkondu). Antzezlari gisa jaso zituen kritika txarrak bultzaturik, New York-eko Actors Studio-ra joan zen ikasketak egitera; handik itzuli eta beste era bateko filmak egin zituen, esate baterako: Bus stop (1956, Autobus geltokia), The prince and the showgirl (1957, Printzea eta show-neska) eta, famatuena agian, B. Wilder-en Some like it hot komedia (1959). Bizitza pribatuan arazo handiak izan zituen, batik bat baseball jokalari ospetsua zen Joe Di Maggiorekin eta Arthur Miller idazlearekin izan zituen harremanetan. Bere burua hil zuenean esamesa ugari sortu zen mundu osoan heriotza haren arrazoiak zirela eta.