Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Monreal Zia, Gregorio

Nafar legegizona, zuzenbidearen historialaria eta politikaria (Etaiu, 1942). Legegizona eta zuzenbidearen historian aditua. Deustuan eta Madrilen egin zituen zuzenbideko eta ekonomiako ikasketak. Euskal Herriko Unibertsitateko zuzenbidearen historiako katedra eskuratu zuen 1980. urtean. Urtebete geroago unibertsitate horretako erretore hautatu zuten; 1984. urtean berriz hautatu zuten erretore, baina 1985. urtean utzi zuen kargua. ESEI alderdia sortu zuen 1977. urtean eta Gipuzkoako senatari izan zen Fronte Autonomikoaren aldetik (EAJ, PSOE, ESEI) urte berean. Nafarroako Aldundiko parlamentario izan zen 1987. urtean EA alderdiaren eskutik. Lan asko argitaratu ditu, zuzenbidearen eta politikaren ingurukoak gehienak. Eusko Ikaskuntza elkarteko lehendakaria da 1992. urteaz geroztik. 1999. urteaz geroztik, Revista de Estudios Vascos eraberrituaren arduraduna ere bada.