Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mendelssohn Bartholdy, Felix

Alemaniar musikagile, pianista eta zuzendaria (Hanburgo, 1809 - Leipzig, 1847). Bederatzi urte zituela eman zuen lehen piano kontzertua, eta haurtzaroan musika lan asko idatzi zituen. Goethe-k Die erste Walpurgisnahct (Walpurgisen lehen gaua) olerkia musikatzeko eskaini zion. 1826an, 17 urte zituela, Uda gau bateko ametsa-ren obertura idatzi zuen eta gainerako musika intzidentala 17 urte geroago osatu zuen. Piano eta organista bikaina, margolari ona, idazten iaioa, orkestra zuzendari trebea izan zen eta berebiziko oroimena zuen musikarako. 1829. urteko udaberrian Ingalaterrara joan zen lehen aldiz. Arrakasta handia izan zuen; uda hartan Eskoziara eginiko bidaia baten ondoren, Eskoziako Sinfonia eta Hebrideen Obertura idatzi zituen. Parisen Chopin, Liszt, Auber, Rossini eta Meyerbeer ezagutu zituen. 1835-1846 urteetan Leipzig-eko Gewandhaus Orkestrako zuzendaria izan zen. 1843an hiri hartako kontserbatorioa zabaldu zuen eta zuzendari izan zen, eta Schumannekin batera, piano eta konposizio eskolak eman zituen. Prusiako erregeak musika zuzendari orokor eta erregearen kapera maisu izendatu zuen. Harreman estuak izan zituen bizitza osoan Ingalaterrarekin eta eragin handia izan zuen ingeles musikagileengan. Mendelssohn-en lan ugarien artean aipagarrienak dira: Paulus (1835) eta Elias (1846) oratorioak; Berrikuntza (1829-1830), Italiako Sinfonia (1833) eta Eskoziako Sinfonia (1842) orkestrarako sinfoniak; Hebrideak (1830-1832), Meeresstille und glückliche Fahrt (1832, Itsasoaren lasaitasuna eta bidaia zoriontsua), Die schöne Melusine (1833, Melusine ederraren ipuina), Ruy Blas (1839) oberturak; bi kontzertu pianorako (1831-1837) eta bat biolinerako (1844); zortzi liburuki pianorako Lieder ohne Worte (1829-1845, Hitzik gabeko kantuak) izenekoak, Kinderstücke (1842,Haurrentzako musika lanak), lau sonata (1821, 1826, 1827 eta 1833), Bariazio serioak (1841). Organorako musika, a cappella koruak, eliza musika eta ganberako musika ere idatzi zuen; harizko musika tresnetarako Zortzikotea da ezagunena. Mendelssohnek heziketa klasikoa eta joera erromantikoak bat egin zituen. Ingurunea eta ikuspegia iturri ditu musika sortzeko; XIX. mendeko lehenengoetako izadiaren musikagile bihurtzen du honek, beraz.