Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Méliès, Georges

Zinemagile frantsesa (Paris, 1861 - 1938). Asmatzaile, mago, mende hondarreko Parisko giro bohemio eta festazalean sorturiko artista erdi zoro erdi jeinua izan zen. Lumière-ri bere zinema tresna erosi nahi izan zion, eta haren ezetzak makina berri bat asmatzera behartu zuen. Méliès-en ekarri nagusia zinema ikuskizun gisa ulertzea izan zen. Zinemaren alderdi guztiak bere gain hartu zituen bere antzokiak porrot egin zuen arte (1928). Guztira, 500 film labur baino gehiago egin zituen. Haren lanen artean, hauek dira azpimarragarrienak: Kleopatra (1899), L´homme à la tête de caoutchouc (1901, Kautxuzko burua zuen gizona), Voyage dans la lune (1902, Ilargirako bidaia), Le voyage à travers l’impossible (1904, Bidaia ezinezkoan barrena), A la conquête du pôle (1912, Lurburuaren konkista).