Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Meléndez Valdés, Juan

Espainiar idazlea (Ribera del Fresno, 1754 - Montpellier, 1817). Salamancako unibertsitatean ikasi zuen, eta ondoren Humanistikako katedradun izan zen han. Salamancan Cadalso ezagutu zuen, eta hari esker izan zuen Europako olerkigintzaren berri. Zenbait lan egin zituen Jose Bonaparterentzat, eta horren ondorioz atzerrira ihes egin behar izan zuen. Olerkigintzan jardun zuen batik bat; olerkiak Batilo ezizenez sinatzen zuen. Meléndez Valdés-en lana XVIII. mendean batera agertzen ziren bi joeren artean dago banaturik: alde batetik, idazlan anakreontikoak eta erotikoak (odak, erromantzeak eta letrilak), «rokoko» garaiko giroaren isla; bestetik, poesia filosofiko morala (odak eta epistolak), askoz errealistagoa. Idatzi zituen lanen artean aipagarrienak hauek dira: Las bodas de Camacho (1784), La paloma de Filis, Odas anacreónticas, Idilios, La beneficencia, La mendiguez, Besos de amor eta La flor de Zurguén.