Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

McCourt, Frank

Estatubatuar idazlea (Brooklyn, New York, 1930). Irlandar etorkin batzuen seme zaharrena zen, Estatu Batuetako Depresio Handiak eta aitaren alkoholismoak miseria gorrian bizitzera behartu zituen familia batean. Lau urte zituela gurasoekin Irlandara itzuli zen ahaide batzuen etxera. Han, aitak bere diru apurrak edaten xahutzen zituen bitartean, ama eta lau semeak eskean ibiltzen ziren. Hamar urte zituela hilzorian egon zen, sukar tifoideak harrapatuta, eta erietxean eman zituen 14 hilabeteetan irakurle amorratua bilakatu zen. 1941ean aita Ingalaterrara joan zen lan egitera, baina agindutako diruak ez ziren inoiz iritsi. Frank, goi eskola utzita, lanean hasi zen, eta bidaia txartela ordaintzeko adina diru bildu zuenean New Yorkera joan zen, 1949an. New Yorkeko portuan zama lanetan aritu zen eta Koreako gerran soldadu egon zen. Gerratik itzulita, ingeleseko ikasketak egin zituen New Yorkeko Unibertsitatean. Gero, eskolak eman zituen hogeita zazpi urtez. Ama eta anaiak ere New Yorkera joan ziren bizitzera. 1980an Frank eta anaia Malachy-k beren bizitzan oinarritutako kabaret errebista bat idatzi eta antzeztu zuten: A Couple of Blackguards. Erretiroa hartu zuenean, 1988an, bere memoriak idazten hasi zen, eta zortzi urte geroago bere lehen liburuak –Angela's Ashes (1996, Angelaren errautsak)– izugarrizko arrakasta izan zuen. Hilabeteetan izan zen liburu salduenen zerrendan aurrena, eta sari asko irabazi zituen: National Book Critics Circle eta Los Angeles Times-en saria, besteak beste. Time aldizkariak 1996ko ez fikzioko libururik onena hautatu zuen eta 1997an autobiografiako Pulitzer saria irabazi zuen.