Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Martín Municio, Angel

Espainiar zientzialaria (Haro, 1923). Gaztetan Salamancara aldatu zen familiarekin, eta han egin zituen kimikako ikasketak, nota bikainekin. 1948-1951 urte bitartean kimika organikoko irakasle laguntzaile izan zen Madrilgo Zientzien fakultatean. 1950. urtean doktoregoa eskuratu zuen, eta ondoren Utrechtera alde egin zuen, ikasketak sakontzera, biokimikako espezialitatean. 1955. urtean Londresen ikasi zuen eta 1963an hango laborategi batzuetan hasi zen lanean. 1967. urtean Unibertsitate Complutenseko kimika fisiologikoko katedra eskuratu zuen, eta aurretik eskolak eman zituen Madrilgo Unibertsitatean. Martín Municio ospe handiko zientzialaria da nazioartean, aminoazidoen eta lipidoen metabolismoari buruz eta fosfolipidoen alorrean eta bakterioek zelulen paretan sorturiko azidoen biosintesiaren eremuan egindako lanengatik. Hainbat akademia eta erakundetako kidea da, adibidez, Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege Akademiaren lehendakaria, eta 80 lanetik gora eman ditu argitara.