Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Markuleta Gutierrez, Gerardo

Gipuzkoar idazlea eta itzultzailea (Oñati, 1963). Hispaniar eta Euskal Filologian lizentziaduna eta zinpeko euskara itzultzaile agiriduna da. Zenbait urtez irakaskuntzan aritu ondoren, gaur egun itzulpengintzatik bizi da. Literatura iruzkinak eta iritzi-artikuluak argitaratu ditu hainbat hedabidetan. Bestalde, jendaurrean poemak irakurtzen jarduten du. Bost poema liburu argitaratu ditu orain arte, aurreneko biak Jon Iriberri ezizenaz argitaratu zituen bere lehen poema bildumak: Larrosak noizean behin (1990) eta Sagarraren hausterrea (1994). Gainerako hirurak bere izenaz: Hauta-lanerako poemategia (2000), Batak ez du bestea kentzen (2003) eta Ezjakintasunak (2006). Haurrentzako narrazio bat ere badu argitaratua: Asier eta egia gurutzatuen liburua (1995, Lizardi saria). Eta narrazio bilduma bat Iban Zalduarekin elkarlanean: Ipuin euskaldunak (1999). Bestalde, literatura itzulpen ugari egin ditu frantses, katalan, galeko eta gaztelaniatik euskarara: Julio Cortázar-en Oktaedroa (1992) eta Hegoaldeko autopista (1994),  Sid Fleischman-en Hemen da berriz Mc Broom (1993),  Mario Benedetti-ren Historio hiperlaburrak (1995), Mehdi Charef-en Arkimederen hareneko te hura (1996), zenbait poeta katalanen Antologia (1997), Jaume Celaren Isiltasuna bihotzean (1999), eta Eduardo Galeanoren Hitz ibiltariak (2000), besteak beste. Bestalde, gaztelaniara itzuli du Juan Luis Zabalaren Galdu arte eleberria (1998, Hasta la derrota, siempre), Ricardo Díaz de Herediaren Kartografia (2000, Cartografía), Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik (2004, Mientras tanto dame la mano), eta beste hainbat idazleren poemak zenbait antologiatan (Atxaga, Sarrionandia, Lete, Aranbarri eta Olasagarre, besteak beste).