Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Macanaz, Melchor Rafael de

Espainiar politikaria eta idazlea (Hellin, 1670 - Hellin, 1760). Filosofia ikasketak egin zituen Valentziako unibertsitatean eta zuzenbidekoak Salamancan. Filipe V.aren idazkari izan zen. Macanazek erregearen eskubideak Elizaren eskubideen gainetik zeudela zioen, eta jarrera horrek arazoak ekarri zizkion. Bestalde, politika zentralista bultzatu zuen. 1707an Valentziako eta Aragoiko foruak deuseztatu zituen. Ondasun batzordeko kide izan zen; 1711n Zaragozako ekonomia zuzentzeko arduradun izendatu zuten, eta 1713an Gaztelako Batzordeko fiskal nagusi. Urte horretan bertan Espainiaren ordezkari ahalduna izan zen Utrecht-eko itunean, eta Pedimento fiscal (Eskabide fiskala) idatzi zuen, Elizaren eskubide politikoak eta ekonomikoak murriztearen alde; hori zela eta, Giudice inkisidore nagusiak heretikotzat hartu zuen. Halaber, erregearen aginduz, Inkisizioaren betebeharrei buruzko txosten bat idatzi zuen; erakunde horren erreforma eskatu zuen. Frantziara erbesteratu zen, eta han Filipe V.aren eta Filipe VI.aren aholkulari zela, diplomaziako lanak ere egin zituen. 1748an Carvajal Lehen Ministroak Espainiara itzultzeko agindu zion; atxilotu eta Coruñan sartu zuten preso; espetxean lan asko idatzi zituen. 1760an Elisabet Farnese erreginak aske utzi, eta handik gutxira hil zen. Aipatzekoa da Macanaz-ek Unibertsitateko ikasketen erreforma egin eta Liburutegi Nazionala sortu zuela. Haren idazlan aipagarrienak La historia crítica de la Inquisición (1727, Inkisizioaren historia kritikoa) eta Las regalías de los señores Reyes de Aragón (1879an argitaratua, Aragoiko erregeen eskubideak) dira.