Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lubitsch, Ernst

Alemaniar zinema zuzendaria (Berlin, 1892 - Bel Air, Estatu Batuak, 1947). Aitaren jostundegia utzi eta Max Reinhardt ospetsuaren konpainian sartu zen antzezle. Arrakasta handia lortu zuen, eta berak sorturiko pertsonaia judu barregarria zinemara egokitu zuen, harrera ezin hobea izan zituzten film laburretan. Txalo berberak irabazi zuten bere lehen film laburrekin: Momiaren begiak (1918, Die Augen der Mumie Ma), Carmen (1918). Pola Negri antzezlearekin aurrekontu handiko filmak egin zituen ondoren, besteak beste Madame du Barry (1919), Ana Bolena (1920, Ann Boleyn). Hollywoodera joan zen Mary Pickford aktoreak kontrataturik, eta harekin egin zituen lehen filmetan, Rosita (1923) eta Ezkontzaren Katea (1924, The Marriage Circle), agerian du hain ospetsua egin zuen “Lubitsch ukitua”: diruaren eta sexuaren grina zeharbidez eta alegiaz adierazten dituzten komedia dotoreak, baina barrearen azpian kritika mingotsa gordetzen dutenak. Ongi egokitu zituen bere dohainak zinema ahostuna, operetak eginez hasieran, eta ondoren komedia ironiko eta sentimental ahantzezinak. Haren beste zenbait lan aipagarri: Trouble in Paradise (1932), Desing for Living (1933), To Be or Not to Be (1942).