Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lorentz, Hendrick Antoon

Holandar fisikaria (Arnheim, 1853 - Haarleem, 1928). Leiden-go unibertsitatean ikasi eta bertan irakatsi zuen fisika teorikoa. Elektromagnetismoari, termodinamikari, teoria zinetikoari, grabitazioaren teoriari eta beste gai batzuei buruzko ikerketak egin zituen. Higitzen ari diren gorputzek beren luzeran duten uzkurtzeari buruz Fitzgerald-ek formulatu zuen teoria hobetu zuen. Bere izena daramaten ekuazioak ezarri zituen; hauek izan ziren Einstein-en erlatibitatearen teoriaren abiapuntuetako bat. Zeeman efektua era koherente batean azaldu zuen. Maxwell-ek uhin elektromagnetikoen hedapenari buruz egindako teoria era matematikoan garatu zuen, eremu elektromagnetikoan higitzen diren partikula karga elektrikodunek energia irradak igortzen dituztela frogatuz. Materiari buruzko teoria elektroniko bat azaldu zuen. 1902. urtean Fisikako Nobel saria jaso zuen Zeeman-ekin batera.  v  Lorentz-en uzkurtzea. Erlatibitatearen teoriak esaten duenez, higitzen ari den gorputz baten luzera lastertasunaren norabidean neurtzen bada, luzera hori txikiagoa da gorputza geldi dagoenean baino. Bien arteko erlazioa hau da:         

 


bertan l, luzera higiduran; l0, luzera geldiunean; v, gorputzaren lastertasuna; c, argiaren lastertasuna direla. Higiduraren norabideari elkarzut diren luzerak berdinak dira gorputza geldi dagoenean eta higitzen ari denean.  v  Lorentz-en indarra. Eremu elektriko edo magnetiko baten eraginpean jartzen den karga elektriko baten gainean ezartzen den indarra.  v  Lorentz-en transformazioa. Koordenatuen eta gertaera baten denboraren arteko erlazioa bata bestearekiko lerro zuzenean eta lastertasun uniformez higitzen ari diren bi erreferentzia sistemetan neurtuta.