Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lions, Pierre-Louis

Frantses matematikaria (Grasse, Itsas Alpeak, 1956). 1975etik 1979ra École Normale Supérieure-an ikasi zuen. Tesia, H. Brézis-en zuzendaritzapean egin zuena, Pierre eta Marie Curie-ren Unibertsitatean aurkeztu zuen 1979an. Hurrengo bi urteetan Parisko Ikerketa Zientifikoko Institutu Nazionalean lan egin zuen, eta 1981ean irakasle postu bat hartu zuen Paris-Dauphiné Unibertsitatean. 1992an matematika aplikatuko irakasle egin zuten Eskola Politeknikoan. Lions-ek funtsezko aurkikuntzak egin ditu matematika huts eta aplikatuetan, eta argitalpen asko egin ditu alor horietan. Ekarpen garrantzitsuenak ekuazio partzial diferentzial ez-linealen teorian egin ditu. Bestalde, Boltzmann-en ekuazioak eta beste ekuazio zinetiko zenbait, eta bariazio problemak ere landu ditu. Fields domina jaso zuen 1994ko Zuricheko Nazioarteko Matematikarien Kongresuan. Horrez gainera, beste sari asko jaso ditu: Doistau-Blutet Fundazioaren saria (1986) eta Ampère saria (1992) Zientzietako Akademia Frantsesaren eskutik, IBM saria (1987), eta Philip Morris saria (1991). Zientzietako Akademia Frantseseko kide, Napoliko Akademiako kide eta Europako Akademiako kide ere bada. Horrez gainera, Frantziako Ohorezko Legioko Zaldun izendatu dute.