Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Liga Komunista Iraultzailea (LKI)

Hego Euskal Herriko alderdi politiko troskista. 1970. urtean gorpuztu zen Hego Euskal Herriko lehen talde troskista, ETAren VI. batzarraren ondoren. ETA-VI deituriko erakundea bitan banatu zen eta troskismoaren ildotik (IV. Internazionala) jo zuen gehiengoak. 1973an ETA-VI Espainiako estatuko Liga Comunista Revolucionaria (LCR) alderdi troskistari lotu zitzaion eta LCR-ETA (VI) izena hartu zuen erakundeak ordudanik. 1976an aurkeztu zen alderdia eta 1977an izen berria hartu zuen: Liga Komunista Iraultzailea. Troskismoaren ideologian oinarrituta, LKIk langileria-burgesia antagonismoa gizarte esparru guztietara eramateko xedea hartu zuen, buruzagi troskistek langile erakunde orotan parte hartu behar zutela esan zuen, zorrotz kritikatu zituen gainerako ezker alderdien dogmatismoa, estalinismoa eta sektarismoa eta autodeterminazio eskubidea aldeztu zuen Euskal Herrirako. Francoren ondoko lehen hauteskundeetan (1977) parte hartu zuen Frente Unico de Trabajadores langile frontean eta 1979an Euskadiko autonomia estatuaren aurka agertu zen. Hauteskundeetan lortutako boto kopuruari erreparatuta, alderdi txikia izan zen beti, eta 1980tik aurrera, Herri Batasunaren aldeko botoa eskatu izan zuen. Nafarroan, bestalde, Batzarre ezker aldeko taldea bultzatu zuen sorreratik. 1987. urtetik aurrera, Euskal Herriko independentzia zehazki eskatzen hasi zen LKI eta Euskadiko Mugimendu Komunista alderdiarekin batean hasi zen, Euskal Herriko ezker alternatiba berri bati begira. 1991n Zutik izeneko erakunde politiko berria sortu zuten bi alderdi hauek.