Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ligeti, György

Hungariar jatorriko austriar musikagilea (Dicsöszentmarton, Transilvania 1923 - 2006). Konposizio ikasketak egin zituen Kolozsvar-en eta Budapesten. Budapesteko kontserbatorioko irakasle izan zen 1950-1956 bitartean. 1956. urtean Vienara joan zen eta Europako abangoardiarekin harremanetan jarri zen. Koloniako WDR musika elektronikoko estudioan lan egin zuen eta 1960. urtean orkestrarako idatziriko Apparitions lanarekin mundu osoan egin zen ezaguna. 1961. urtean Stockholmeko kontserbatorioko irakasle izan zen eta 1964. urtean Musikako Suediar Errege Akademiako kide izendatu zuten. Bartok-en eragina du Ligetiren musikak; serieko teknika elektronikoa erabili zuen gehienbat, eta alor honetan berrikuntza ugari sartu zituen. Lan nagusiak: Atmosferak (1961); Ehun metronomoentzako poema sinfonikoa (1962); Abenturak (1962-1963); Kontzertu bikoitza (1971-1972) flauta, oboe eta orkestrarako.