Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Levinson, Barry

Estatubatuar zinema zuzendaria (Baltimore, Maryland, 1932). Kazetaritza, irrati eta telebista ikasketak egin ondoren, herri bateko telebista batean lanean hasi zen, eta aldi berean, Craig Nelson aktorearentzat sketchs-ak idazten. Telebistako programa batzuen gidoilaria ere izan zen, besteak beste Carol Burnetten Show programarena. 70eko hamarkadaren erdialdera hasi zen zuzendari batzuentzat, horien artean Mel Brooks-entzat, gidoiak idazten eta zinemagintzaren arloan sartzen. 80ko hamarkadan, ordea, beste zuzendarientzat lan egiteari utzi eta kameraren atzean jartzea erabaki zuen. Diner (1982) izan zen bere lehen filma, autobiografia kutsua duen komedia dramatiko bat, non lehen aldiz agertzen baita Levinsonen jaioterria, Baltimore, bere filmetako gertaleku gisa. Geroztik Good Morning, Vietnam (1987), Avalon (1988), Bugsy (1991) eta beste zenbait film egin ditu, baina arrakasta handiena ondorengo film hauekin lortu zuen: Rain Man (1988), film, zuzendari eta antzezle (Dustin Hoffman) onenaren Oscar sariak irabazitakoa; Disclosure (1994), Michael Douglas eta Demi Moore protagonistatzat zituen film eztabaidatua, eta Wag the dog (1997), Bill Clinton Estatu Batuetako presidentearen inguruko gatazkarekin antz handia duen filma.