Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Levaillant, Denis

Frantses musikagilea eta pianista (Paris, 1952). Nancyn egin zituen piano eta musika idazketarako ikasketak. 1970eko hamarraldian berdin-berdin ikus zitekeen piano errezitaletan edo jazz kontzertuetan. Ondoren filmetako eta ikuskizun musikaletarako musika osatzen hasi zen. 1981ean Bleu 17 elkartea sortu zuen, ikuskizun modu berrietara zabalik zegoena. 1995ean, berriz, Frédéric Leibovitz-ekin batera Musika generalista bulegoa sortu zuen, ikus-entzunezko alor guztiak lantzen zituena. Koreografoekin eta antzerki zuzendari ospetsuekin lan egin zuen: Le Jardin du sanglier (1979, Basurdearen lorategia), Les Pas perdus (1983, Urrats galduak). Jarduera horiez gainera, azpimarratzekoa da Levaillantek zuen idazteko gaitasuna; hainbat aldizkaritan idatzi zuen: Le Monde de la musique, Revue d´esthétique, Corps écrit. Liburu bat ere idatzi du: L’Improvisation musicale (1980). Irrati ekoizlea ere bazen, eta RAIko Italia saria irabazi zuen Speakers (1988) bere irratirako poemagatik, eta Tendanza nazioarteko saria Piano solo Piano ikuskizunagatik (1987). Operaren (OPA mia, 1990) eta zirkuaren (Piano Circus, 1993) alorretan ere aritu da, eta baita zineman ere. Levaillanten katalogoa hirurogei partiturak osatzen zuten 1999an. Musika lan nagusiak hauek ditu: Harri beltzak, hamabi ahots mistotarako (1984); Gesualdoren hilobia (1995); Narzisoren ohiartzuna, piano eta orkestrarako kontzertua (1996), Ipuin paisaiak, orkestrarako bost pieza (1998). Katalogo hori mestizajegune bat da, Afrika, jazz-a, pop ingelesa, Ravel, Debussy eta abar maisutasun handiz nahasten dituena.