Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Leonardo da Vinci

Italiar pintorea, eskultorea, ingeniaria eta arkitektoa (Vinci, Florentziatik hurbil, 1452 - Cloux, Frantzia, 1519). Hura izan zen agian Europako Berpizkundeko artistarik handiena. Haren Azken Afaria (1495-1497) eta Mona Lisa edo Gioconda (1503-1506) koadroak dira Berpizkundeko margolan ezagunenak eta, berak utzitako ohar-liburuetan ikus daitekeenez, mekanikaren alorrean erakutsi zuen talentu handiak argi eta garbi uzten du bere garaiari aurreratu zitzaiola, mende batzuk geroago zabalduko ziren makinak asmatu zituelako. Andrea dei Verrochio eskultore eta margolariarekin egin zituen pintura, eskultura eta arteko lehen ikasketak eta 1472an egin zituen lehenengo lanak, maisuaren arte-moldearen eraginpean (Verrochioren Kristoren Bataioa obrako aingeru bat eta bi Deikunde). 1480tik aurrera beregain jartzea erabaki, eta printzeentzat hasi zen lanean horretarako: Ludovico Moro Milango dukearentzat (1482-1499), Florentziako errepublikarentzat (1500-1506), Ludovico Moro agintetik kendu zuten Milango printze frantsesentzat (1506-1512) eta, Rafael eta Michelangelo nagusi ziren Erroman egon ondoren (1513-1515), Frantzisko I.a Frantziako erregearentzat (1515-1519). Arteaz gainera, ingeniari militar eta jai antolatzaile gisa hartu ohi zuten printzeek, handia baitzen gerra makineria eta industria mailako tresneria (ehungintzan bereziki) antolatzen erakutsi zuen maisutasuna. Leonardo da Vincik teknika mailan egin zituen aurrerapenak (makina hegaldaria horien artean) izadiari buruzko ikusmolde baikor baten fruitu izan ziren. Leonardoren aburuan izadia “izaki bizidun erraldoi bat baizik ez da” eta mikrokosmos guztien eta makrokosmos erraldoi haren arteko erlazio dinamikoetan oinarritzen ziren giza aurreramendu guztiak. Esperientzian oinarrituriko joera enpirista batek gidatu zuen Leonardoren jarduera intelektuala eta matematikak hartu zuen horretan berebiziko garrantzia. Zentzuen bidez atzeman daitekeen munduari buruzko gogoetak pintura alorrera zabaldu zituen bereziki, eta benetako zientzia saioak egin zituen pintura bakoitzaren aurretik. Hiru alderdi nagusi bereizi zituen Leonardok pintura lanetan: kolore alderdia, marrazkiari dagokion alderdi grafikoa eta aukera berriei ateak zabalik utziko zizkion espekulazio alderdia. 1490. urtetik aurrera, gogoeta teoriko sakon batez biribildu zituen margolan guztiak (hausnarketa hauetariko asko eman zituzten argitara Parisen 1651. urtean Traité de la peinture liburuan). Obra bakoitzaren aurretik ikerketa grafiko eta entziklopediko sakonak egiten zituen Leonardok. Gerokoan galdu zen Leda koadroaren inguruan esaterako, filosofia gogoetak idatzi zituen kontzepzioaren misterioaren inguruan, giza biologiaren garapenari buruzko oharrak egin zituen emakumezko gorputzen marrazkien ondoan eta loreen eta giza aurpegien aldamenean botanikari eta anatomiari buruzko oharrak utzi zituen. Obra guztiek margolaritzan sortzen zituzten teknika arazoei irtenbide bat ematen saiatu zen. Haitzetako Andre Maria koadroan (1483), adibidez, irtenbide egokia eskaini zien garai hartako pintore florentziarrek zituzten bi arazori: piramide egitura erabili zuen koadro barneko pertsonen kokagunearen simetriak sortzen zuen arazoa gainditzeko, eta sfumato izeneko teknika pertsonaien irudien ertzak leuntzeko: Gioconda (1503-1506), Santa Ana (1510), bukatu gabea, besteak beste. Azken Afaria koadroan (1495-1497) mugimendurik gabeko irudia egin nahi izan zuen; beste obra batzuetan, ordea, mugimendua lortzen saiatu zen irudiak gainezkatuz (Errege Magoen gurtza, 1481; Anghiariko gudua, 1503). Bestalde, lehen mailara ekarri zuen Leonardok erretratuen artea (emakumezkoena bereziki), indar berezi batez jantzi baitzituen margoturiko pertsonaiak (Mona Lisa edo Gioconda, 1503-1506; Ginevra di Benci, 1480). Leonardo da Vinci marrazkilari bikaina zen eta, matematikaren laguntzaz, arkitekturako garapen-marrazki ikusgarriak eraman zituen paperetara. Parte hartu zuen Milango katedrala bukatzeko aurkeztu ziren proiektuetan eta lan garrantzitsuak utzi zituen plano zentratuari buruz (zirkulu edo lauki batean barneraturiko gurutze grekoa). Eskulturaren alorrean, gogoeta sakonak egin zituen zaldizko eskulturen mugimendu eta orekaren gainean; ez zituen ikerketa guzti hauek praktikara eraman, baina proiektu osoak egin zituen paperean (Francesco Sforzaren zaldizko estatua, 1482-1493; Trivula condottieroren monumentua, 1506).