Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lemoine, Georges

Frantses marrazkilaria (1935). Haur literaturako lanak egin ditu batez ere. Lehenengo lanak hauek izan zituen: Marguerite Yourcenar-en ekialdeko ipuinen irudiak, Michel Tournier-en Barbedor (1980) eta Andersenen Urretxindorra eta Txinako enperadorea (1979) lanetako ilustrazioak. 1984an Andersenen Berunezko soldadutxoa istorioa marraztu zuen, jakituria handiaz. Ekialdeko gaiez gainera, Bibliak erakartzen zuen; soiltasun handiz itzuli zituen parabolak (1981, Jesusen zazpi parabolak). Aipagarriak ditu bestalde: Le Livre de la Création (1987, Sorreraren liburua), Le Clézioren Balaabilou (1985), Comment Wang Fô fut sauvé (1979, Nola salbatu zen Wang Fô). Lemoineren arrastoa garbia da, bolumenik gabea; perspektiba baino gehiago, planoak elkarren ondoan jartzen ditu, eta koloreak lausoak dira, ia-ia gardenak.