Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lemelin, Roger

Kanadar nobelagilea (Québec, 1919 - Québec, 1992). Frantsesez idazten duten idazleen taldekoa, batez ere fikziozko literatura idatzi du, eta bere obra eleberriz eta kontakizun laburrez osatua dago. 1949an argitaratutako Fantaisies sur les péchés capitaux (Bekatu nagusiei buruzko fantasiak) liburuan bere ipuinetako batzuk bildu zituen. Urte batzuk lehenago eleberri bat ere idatzi zuen, Au pied de la pente douce (1944, Aldapa txikiaren barrenean), eta geroztik ez zuen hasitako biderik utzi: Les Plouffes (1948, Plouffetarrak); Pierre le Magnifique (1952, Pierre Bikaina) edota Le crime d’Ovide Plouffe (1982, Ovide Ploufferen krimena). Kontakizun hauek Québeceko auzo ezagunenetan gauzatzen dira, eta Kanadako bizitzaren azalpen errealista eta garratzak egiten dituzte. Lemelinen herrikideak dira eleberri hauetako pertsonaiak, oinarri-oinarrizko psikologia dutenak baina, aldi berean, bizitasunez beterik eta ideologia politiko baten eraginez zipriztindurik agertzen direnak. Lemelinek bat egiten du bere pertsonaiekin ingelesaren aurkako nazionalismoari atxiki eta bidegabeko klase desberdintasuna adierazterakoan.