Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Languedoc-Roussillon

Frantziako hegoaldeko lurraldea. Bost departamendu hartzen ditu: Aude, Gard, Hérault, Lozère, Ekialdeko Pirinioak. 27.668 km2 eta 1.926.514 biztanle. Mugak: iparraldean, Auvergne eta Rhône-Alpes; ekialdean, Provence-Alpes-Côte-d’Azur eta Mediterraneo itsasoa (Leongo golkoa); hegoaldean, Hego Katalunia, eta mendebalean, Midi-Pyrénées. Hiriburua: Montpellier. Hiri nagusiak: Carcasona, Narbona, Perpinyà, Nimes eta Mende. Hizkuntzak; okzitaniera, katalana eta frantsesa.  v  Orografia eta klima. Lurralde guztiz desberdinak bereizten dira Languedoc-Roussillonen: Lozèren, iparraldean, zabaltzen dira Massif Central-eko mendiak (Lozère mendia, 1.702 m) eta Ekialdeko Pirinioak hegoaldean (Carlitte, 2.991 m; Canigu, 2.786 m). Itsasaldea laua da eta Languedoc-eko goi-eremuak (Corbières, 1.200 m; Espinouse, 1.100 m) mendebalean zabaltzen dira. Klima mediterraneo aldekoa da, eguzkitsua eta idorra, uda aldean batez ere, eta eurialdi labur baina indartsuak ekartzen ditu, udazkenean bereziki. Mistralak eta tramontanak, lehorreko haizeek, tenperatura aldaketa handiak ekarri ohi dituzte eta, oro har, alde handiak daude neguko eta udako tenperaturen artean, barnealdean bereziki.  v  Ekonomia. Laborantza da ekonomia jarduera nagusia. Ardogintza nabarmentzen da jarduera guztien artetik (450.000 ha), baina gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da barazki eta fruituen ekoizpena, ureztatze sistema modernoei esker. Arrantza portuak txikiak dira, Sètekoa izan ezik (Frantziako zazpigarrena). Industria maila apalekoa da: ehungintzak tradizio handia du (artilea eta zeta) eta bizkortu egin da laborantzari loturiko industria (kontserbak). Kimika, elektromekanika eta elektronika industriak badu bere garrantzia Hérault aldean. Ekonomia atal garrantzitsu bat osatzen du turismoak, hala kostaldean (hondartzak 160 km-tan zehar) nola barnealdean (Pirinioak eta Lozère, Cèvennes eta Languedoceko parkeak).  v  Biztanleak. XX. mendeko lehen erdian, biztanleen % 8,5 galdu zuen Languedoc-Roussillon lurraldeak eta 1960. urtetik aurrera hasi ziren bertan finkatzen Aljeriatik zetozen familia frantsesak (140.000 lagun guztira). 1970etik aurrerako urteetan biziki handitu dira hirialdeak (biztanleen % 70 bizi da Montpellier eta Carcasona aldean) eta areagotu egin da herri txikietako emigrazio prozesua. Montpellier da lurralde honetako administrazio, kultura eta ekonomia hiri nagusia.