Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

landaredi

iz. Lurralde edo herrialde batean hazten diren landareen multzoa.  v  Landaredi motak. Zazpi dira landaredi mota nagusiak. 1. Ekuatoreko oihana. Tenperatura garaia den lurraldeetan izaten da (Amazonia, Afrikako erdialdea, Indonesia…). Zuhaitzak erraldoiak dira, eta hosto zabalak dituzte; landare igokariak eta epifitoak ere ugari hazten dira oihanean, basoak itxiak baitira eta lurrera argi gutxi iristen baita. 2. Basamortua. Hareazko eremuak eta ordoki harritsuak izaten dira basamortuetan. Tenperatura gorabehera handiak eta haize zakarra izaten denez gero, landare xerofitoak hazten dira batez ere, gauez hezetasuna xurgatzen dutenak, eta euria egin arte hazi moduan egoten direnak. Basamortuko landareek hosto txikiak dituzte eta azala lodia eta iragazkaitza, barruko hezetasunari eusteko. 3. Sabanako landaredia. Kontinenteen barrualdean izaten da, oihanaren eta basamortuaren artean. Lehorteak eta euriteak txandaka izaten direnez gero, ura lurpean aurkitzeko sustrai luzeak dituzten belar garaiak hazten dira lurralde horietan. Belarrarekin batera lehortea denean bizirik irauten duten zuhaitzak ere badira (Afrikako baobab-ak, akaziak…). 4. Lurralde epeletako basoa. Hosto erorkorrak dituzten zuhaitzak izaten dira leku hotz samarretan (pagoak, haritzak, lizarrak…); leku epelagoetan, berriz, hosto iraunkorrekoak ere badira (artea, artelatza…). 5. Larre belardia. Basorik ez dagoen lurralde hauetan ur urritasuna izaten da, eta ez da ingurune egokia zuhaitz askorentzat. Belar landareak dira ugari (hirustak, alpapak, bitxiloreak, txikori belarrak…); mendi garaietako larreetan elurra urtzen denean loreak hazten dira (errostak eta edelweiss-ak). 6. Baso hotza. Negu hotzei aurre egiteko egokiak diren zuhaitzak izaten dira (koniferoak: pinuak, izeiak…), hosto iraunkorrekoak eta ur gutxi behar dutenak, eta elurrak irrist egiteko kono itxura dutenak. Batzuetan urkiak eta sahatsak ere hazten dira. Munduko zuhaitz garaienak diren sekuoiak ere baso hotzetan hazten dira. 7. Tundra. Landaredia urria da tundran. Lurra izoztua egoten da ia beti, edo elurrez estalia; ez da argirik, ez urik. Landare txikiak besterik ez dira hazten: algak, goroldioak eta likenak, eta batzuetan, urkiak eta sahats txikiak.  v  Berezko landaredia. Lurralde batean berez sortzen den landaredia, une jakin batean izadiak, hots, eguraldiak, lurrak eta ingurugiroak, eragiten duena.  v  Ahalezko landaredia. Gizonaren eraginik gabe eta geobotanikaren garapen hutsez, leku jakin batean epe baten barru izango litzatekeen landaredi egonkorra.