Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lafitte Ithurralde, Piarres

«Ithurralde», «Pierres Ithurralde». Lapurtar idazlea (Luhoso, 1901 - Baiona, 1985). Zazpi urte zituela umezurtz gelditu zen eta osaba-izeben etxean hezi zuten. Beloken eta Baionan egin zituen ikasketak. Lafittek berak aitortzen zuenez, Saint-Pierre artzapezpikuaren eraginez egin zen euskaltzale eta abertzale. Hark ematen zizkion hegoaldeko aldizkari abertzaleak. 1924an apaiz egin zen. Okzitaniako Tolosan egon zen ikasten bi urtez, eta 1926tik aurrera Uztaritzeko apaizgaitegi txikian irakasle izan zen. Le Carillon des Jeunes aldizkari feministan idatzi zuen emakumeen eskubideen alde, Pierrette Labé izengoitiz. Uztaritzen, berriz, lan arazoetarako zentro bat zabaldu zuen. Garai hartako idazlanak Eskualduna, Gure Herria, Le Courrier de Bayonne, La Presse, eta La Liberté de Sud-Ouest aldizkarietan argitaratu ziren. 1932an Aitzol ezagutu zuen eta hegoaldeko abertzaleekin harremanak sendotu zituen. EAJren ideologia oinarri hartuta, Programme Eskualerriste idatzi zuen. 1934an Aintzina izeneko hilabetekaria sortu zuen. Espainiako Gerra Zibilaren garaian hegoaldeko euskaldunei laguntzeko talde bat eratu zuen iparraldean. Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen, eta gero erresistentzian. 1944an Herria aldizkaria sortu zuen, T. Monzon eta Sotaren laguntzarekin, eta Lafitte bera izan zen zuzendaria. 1952an euskaltzain oso izendatu zuten. Ohorezko kalonje Baionako katedralean (1961), eta Doctor Honoris Causa Euskal Herriko Unibertsitatean (1982).  v  Idazlanak. Alor asko ukitu zituen Lafittek bere idazlanetan: ezin konta ahala artikulu eman zituen argitara (Patri Urkizuk, 1990ean, Euskal Literaturaz izenburu pean bildu eta argitaratu zituen euskaraz idatzitako batzuk); besteren lanak bildu eta argitaratu zituen (Salvat Monho, Piarres Ibarrart, Mañex Etchamendy, Charles Bécas, Julien Héguy, Arnaud d’Oihenart, Jean Saint-Pierre…); euskal literaturaren antologiak egin zituen (1931, Eskualdunen Loretegia). Beste lanak: hitzaldiak (1932, Les études basques à travers les siècles; 1942, Les basques et la littérature d’expresssion basque en Labourd, Basse-Navarre et Soule); gramatikak eta hiztegiak (1944, Grammaire basque, Navarro-labóurdin littéraire; 1941, Vocabulaire français-basque; 1953, Lexique français-basque); olerkiak (1932, Ithurralden kantuak); ipuinak (1945, Murthuts eta berze; 1990, Historio-misterio edo eiherazainaren ipui hautatuak, hil ondoan argitaratutako ipuin bilduma); antzerkiak (Sarea, Orratza, Merkatuan, Maritxu, San Frantses, Amerikanoa, Chalbaten mertchika-ondoak, Egiazko argia, Mirikuan, Oyharzunak, Eguberri, Illargia, Hil biziaren ordenua, Gonzalve edo ostatu betea, Betelemenko artzainak).  v  1983an Euskaltzaindiak Lafitteren omenez liburu bat kaleratu zuen 50 bat ikertzaileren lanekin. 1993an Serge Monier-ek Lafitterekin izan zituen solasaldietatik abiaturik liburu bat argitaratu zuen, oroitzapen liburu gisa (Le père Lafitte, entretiens, souvenirs avec Serge Monier)