Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lafon, Mathieu-René

Euskalari eta filologo frantsesa (Mérignac, 1899 - Arcachon, 1974). Filosofiako ikasketak egin zituen Sorbonan. Lehen Mundu Gerran parte hartu zuen. Alençonen, Pauen eta Bordelen aritu zen lizeoko irakasle (1921-1937). Pauen egin zituen euskarari buruzko lehen ikasketak. Centre National de la Recherche Scientifique erakundeko kide izan zen 1937. urtetik aurrera. Bigarren Mundu Gerran atxilo hartu zuten Bainvillen. Han, harekin batera preso hartutako euskaldunengandik euskalkiei buruzko informazioa jaso zuen. 1941ean libre utzi zuten. Zuberoara joaten hasi zen, orduan, uda askotan, euskara ikertzera, nahiz eta bere lehen ikergaia Kaukasoko hizkuntzak izan ziren. 1941-1943 bitartean bukatu zuen bere tesia euskal aditzari buruz, bi liburukitan argitara emana: Le système du verbe basque au XVIè siècle eta Le système des formes verbales à auxiliaire dans les principaux textes basques du XVIè siècle. 1949an Bordelen euskal hizkuntza eta literaturako katedra sortu zelarik, Lafon izan zen postu hura betetzeko izendatua, eta harik eta erretiroa hartu zuen arte (1969) han aritu zen irakasle. Euskaltzaindiak bere kideen artean onartu zuen 1953an. 1969an Tbilissiko unibertsitateak (Georgia) Doctor honoris causa izendatu zuen. Ehunetik gora artikulu ditu euskararekin zerikusia duten gai bereziei buruz idatziak.