Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kurokawa, Kisho

Japoniar arkitektoa (Aichi, 1934 - 2007). Tokion egin zituen arkitektura ikasketak (1957). 1960an, Tange eta Makirekin batera, Metabolistak izeneko talde bat sortu zuen. Talde hark filosofia eta arkitektura molde berritzailea bultzatzen zuen: tradizioa hausten saiatzen ziren eta aldaketa erradikalak proposatzen zituzten. Dena dela, zenbait lan arrakastatsuren ondoren (EXPO 70, Osakan), taldea desegin egin zen. Lehen begi kolpean Kurokawaren obrak arraroa, bitxia, zaila eta apetatsua eman dezake, baina ongi pentsatutako arkitektura da, esanahiez eta sinbolismoz betea. Ez dauka zerikusirik tradizionalismoarekin, eta ez du arkitektura obraren osagarri izan daitezkeen beste adierazpen artistikoen laguntza ukatzen. Horren adibide argi bat Nagoyako Udaleko Arte Museoa da (1987). Museo honetan eta beste eraikin askotan, Kurokawak engawa kontzeptua erabiltzen eta ikertzen du; izen hori ematen zaio aldi berean publikoa eta pribatua den espazio mistoari. Baina Kurokawak tradizioa ukatzeaz gainera, arkitektura modernoa kritikatzen zuen. Beraren ustez arkitektura modernoa herri eta eskualde guztientzat unibertsala izan nahi zuen mendebaldeko arkitekturaren mendean zegoen, eta benetako arkitekturak eta kultura modernoak herrialde guztien kulturaren eta arkitekturaren elkar hartzearen eta sintesiaren ondorio izan behar luke. Lan aipagarrienak: Nakagin Dorrea (1972, Tokio); Arte Modernoko Museoa (1982, Urawa), Udaleko Arte Museoa (1987, Nagoya); Gaurko Artearen Museoa (1988, Hiroshima).