Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kurosawa, Akira

Japoniar zinema zuzendaria (Tokio, 1910 – Tokio, 1998). Kurosawa izan zen atzerrian ospea lortu zuen lehen japoniar zuzendaria, eta Sartaldean Japoniako zinemarekiko interesa piztu zuena. Pintorea izan zen, eta sari ugari irabazi bazituen ere, 1936an pintura utzi eta zinema munduan sartu zen, eszenatoki egile gisa; kalitate handiko lanak egin zituen. Rashomon filmak (1950) eman zuen ezagutzera Sartaldean (Veneziako Zinemaldiko lehen saria, 1951). Handik aurrerako filmek ospe handia izan zuten: Ikiru (1952), kritikari askorentzat zinemaren historian izan den filmik onena; Zazpi samuraiak (1954); Europar literaturaren klasikoak eraman ditu zinemara betiere Japonian kokaturik: Idiota (1951, Dostoievski-ren lanaren gainean; Odolezko tronua (1957, Machbeth-en egokitzapena); Ran (1985, Lear erregea-ren gainean). 1970an Dersu Uzala egin zuen Sobietar gobernuak gonbidatuta; film honek mundu osoan izan zuen arrakasta. Kagemusha filmean (1980) ere ageri da samuraien gaia.