Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kühn, August

(Jaiotza izena, Rainer Zwing). Alemaniar idazlea (Munich, 1936 - 1996). Oinarrizko ikasketak bukatuta, leiarrak egiten lan egin zuen, kazetari gisa gero, eta denda batean enplegatu gisa ondoren. Westend Geschichte (1972, Westend-eko historia) argitaratu ondoren, dena utzita, literaturan murgildu zen buru-belarri. Bere lehen obraren izenburuak gainerako produkzio osoa ezaugarritzen zuen nolabait: bere inguruneak markatutako literatura, eduki kritikoz beteaz, langileriari buruzko historiez eta aipamenez josia. Bigarren eleberriak, Zeit zum Aufstehn (1975, Jaikitzeko ordua), sekulako arrakasta izan zuen. Liburuak Municheko langile familia bateko bizitza deskribatzen zuen, lau belaunalditan. Hurrengoak, Die Vorstadt (1981, Aldiriak), Municheko auzo bateko eskulangile familiaren historia kontatzen zuen, Erdi Arotik hasita. Liburu hori ez zen soilik pertsonaia batzuen historia, historia, geografia eta kultura koadro bat da orobat. Bere beste eleberri ezagunenetako bat da Jahrgang 22 (1977, 22ko promozioa) eleberri pikareskoa, konnotazio politiko arinez zipriztindua. Beste lan batzuk: Münchner Geschichten (1977, Municheko historiak), Fritz Wachsmuths Wunderjahre (1978, Fritz Wachsmuths-en mirarizko urteak), Wir kehren langsam zur Natur zurück (1984, Pixkanaka izadira itzuliko gara) eta Meine Mutter 1907 (1986, Nire ama 1907an).