Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Korta Uranga, Jose Mari

Enpresaburu gipuzkoarra (Zumaia, 1948 - Zumaia, 2000). Bere hamar anai-arrebekin batera egin zituen lehen pausoak enpresaren munduan, 1969an Zumaian Korta S.A. lantegia abian jarri zuenean. Makina tresna alorrerako doitasunezko piezak egiten dituzte enpresa horretan eta esportazio ahalmen handia du, Europa, Asia eta Amerikako hainbat merkatutan sartuta baitago. 1994an Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteko presidente hautatu zuten Tomas Arizetaren ordez, eta 1997. eta 2000. urteetan bere karguan berretsi zuten. Elkarteko zuzendaritza kontseiluko eta batzorde betearazleko kide ere izan zen 1980tik aurrera. Beste hainbat ekimenetan ere parte hartu zuen, besteak beste, Elkargi Berme Elkarkariko Sozietatearekin eta Enpresaren Garapenerako Zentroarekin batera. AMT makina tresnako fabrikatzaileen elkarteko presidente ere izan zen, eta Zumaiako ikastolako kontseiluburu eta Ikastolen Federazioko ordezkari. Familia abertzalekoa zen, EAJren ingurukoa, eta Adegiko presidentziatik alderdien arteko akordioetarako deia egin zuen. ETAk bere enpresaren aurrean jarritako bonba auto baten leherketak hil zuen 2000ko abuztuan. Jose Ignacio Alberdi Etxanizek ordezkatu zuen karguan.