Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Korsch, Karl

Alemaniar politikari eta filosofo marxista (Toesfedt, 1886 - Cambridge, Massachusetss, 1961). 1920ko hamarkadan, G. Lukács-ekin batera, K. Marxen lana hegeliar dialektikari nahitaez lotu beharrekoa zela adierazi zuen, Bigarren Internazionalaren zientzia ikuspuntuari jarraitu ordez. 1928. urtean lanean jarraitu zuen politikan, baina erakunde edo alderdietatik kanpo, ezkertiar gogor gisa zuen jarrera ez baitzetorren alemaniar alderdi komunistaren ortodoxiarekin bat. Marxismoaren bilakaera burokratikoari kritika egin zion aginpidearen ideologia zelakoan, nahiz alemaniar sozialdemokrazian nahiz sobietar leninismo bihurtuta. Korsch langileriaren egitekoaren alde agertu zen, historiaren sujektu kontziente gisa eta iraultzaile gisa. Lan aipagarriak ditu, besteak beste: Was ist Sozialisierung? Ein Programm des praktischen Sozialismus (1919, Zer da sozializazioa? Sozialismo praktikoaren egitaraua); Marxismus und Philosophie (1923, Marxismoa eta filosofia); Karl Marx (1938).