Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

korrosio

iz. Kim. Oxigenoak, azidoek, alkaliek edo hezetasunak burdinari eta beste metal batzuei kalteak eragitea. Korrosioa erreakzio kimikoen ondorioz edo erreakzio elektrokimikoen ondorioz gertatu ohi da, baina erreakzio fisikoek (tentsio mekanikoek adibidez) eta mikroorganismoek ere eragin hori bera izan dezakete zenbait metaletan. Erreakzio kimikoen ondorioz gertatzen den korrosioan, airearen oxigenoak eragiten die kaltea metalei, herdoildu egiten baititu. Metal mota batzuetan herdoildutako geruza erori egiten da, eta oxidazio prozesua behin eta berriro errepikatzen da metala erabat hondatzen den arte. Beste metal batzuetan, berriz, geruza bakarra hondatzen du oxigenoak eta geruza horrek korrosioaren kontrako babesa ematen dio metalari. Korrosio elektrokimikoa metalaren eta metala dagoen ingurunearen artean eratzen diren korronte elektrikoek sortzen dute. Metalak korrosiotik babesteko hiru bide daude: metala korrosioak hondatzen ez duen gai batez estaltzea, gainazalean babes geruza bat ezartzea; korrosioa eragiten duten gaien lana galarazteko edo moteltzeko sistemak erabiltzea; eta korronte elektrikoak korrosioa sor ez dadin, metala katodoarekin lotzea.