Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

King, Riley Benjamin

(B.B. King deitua). Estatubatuar blues kantaria eta gitarra-jotzailea (Itta Bena, Mississippi, 1925). Familia pobre batean jaio zen, eta ama bederatzi urte zituela hil zitzaion. Txikitatik elizan abesten zuen eta hamabost urte zituela gitarra ikasten hasi zen. Garai horretan gospel talde bat sortu zuen. Soldaduskan egon ondoren (1947), blues-era jo zuen eta kontratu txikiak lortu zituen Memphis inguruan, Bukka White bere lehengusuarekin batera. Memphiseko irrati komertzial batean disc-jockey gisa aritu zen lanean. Blue Boy from Beale Street (B.B. laburdura izen horri dagokio) ezizena hartu zuen Bobby Blue Band eta Johnny Acerekin jo zuenean. 1949. urtean grabatu zuen lehenengo diskoa: Miss Martha King. Ondoren, 1950ean, Three O'Clock Blues grabatu zuen, izugarrizko arrakasta izan zena rhythm and blues-aren munduan. 1951-1968 bitartean hogeita hamar bat disko grabatu zituen, eta horietan arrakasta handiko lanak izan zituen: You Know I Love You eta Woke Up this Morning, besteak beste. 1960ko hamarraldiaz geroztik, ingelesezko pop musikaren erreferentzia izan zen: Live at the Regal (1965), Blues Is King (1967), Lucille (1968), Live in London (1971), LA Midnight (1972). King izan zen Sobiet Batasunean zehar bira egin zuen lehenengo blues musikagilea eta kantaria, 1970eko hamarraldiaren amaieran. Lehenengo aldian B.B. Kingentzat T. Bone Walker eta Elmore James izan ziren inspirazio iturri. Baina berehala, eragin horiek gainditu eta bere estilo propioa sortu zuen. Bere abestien hitzak oso sinpleak dira, baina bere kantatzeko moduarekin indar handia hartzen duten, batez ere, gitarraren laguntzarekin. B.B. King da bizirik dagoen blues musikagile nagusia. Bere estiloak izugarrizko eragina izan du rock musikaren ingeles eskolan: Jimmy Page, Larry Coryell, Eric Clapton eta abarrengan.