Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kierkegaard, Sören

Daniar filosofo eta idazlea (Kopenhage, 1813 - Kopenhage, 1855). XIX. mendeko filosofo existentzialista nagusia. Erlijio giroan hazi zen. 1841ean doktoretza tesia egin zuen Ironiaren kontzeptua gaiaz, Kopenhageko Teologia fakultatean. Regina Olsenekin izan zuen amodio galduak, eta eliza luterotarrarekin izan zituen eztabaidek eragin handia izan zuten bere bizitzan. Hegelen filosofia objektiboaren kontra borroka egin zuen. Izan ere, Kierkegaardentzat egia subjektiboa da eta hiru alderdi ditu: estetikoa, etikoa eta erlijiozkoa, eta hiru horien artean aukeratu beharra dago. Fedea Jainkoarekiko harreman pertsonala da eta harreman horretatik sortzen da estuasuna. Kierkegaardenak dira, besteak beste: Bata ala bestea (1843), Ikara eta dardara (1843), Estuasunaren kontzeptua (1844), Filosofia zatiak (1844), Maitasunaren obrak (1847), Eritasun hilkorra (1848), Kristautasun ariketa (1850). Kierkegaard ezagutzeko garrantzi handikoak dira haren Egunerokoak. Kierkegaarden eragina lehenago ikusi zen literaturan filosofian baino, eta batez ere XIX. mendearen hondar urteetan Eskandinaviako literaturan (Ibsen eta Strinberg) eta alemanezkoan XX. mendean (Kafka eta Mann).