Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Khorasan

Iran-go probintzia, herrialde haren ipar-ekialdean, Turkmenistanen eta Afganistanen mugan. 314.300 km2. 4.162.000 biztanle (1985). Hiriburua: Meshed. Iparraldean bi mendi sail ditu: Elburz mendien jarraipena, eta Koppeh Dag. Mendebaletik gatz basamortu handi bat sartzen da Khorasanen: Dasht-e Kavir, duna sail handiekin. Oasi asko dago: iparraldean handiak eta ugariak dira, elkarren hurbil, baina hegoaldean txikiak eta bakanak. Ibai iraunkor bakarrak Atrak, Kal-e Mureh, Rud-e Sur, eta Kashaf Rud dira; ibaiaren behealdean ura gazia dute gehienek. Biztanleen artean leinu asko daude: kurduak, turkmeneak, timuriak, heidariak, balutxiak, arabiarrak, ijitoak, etab. Aberastasun iturriak: nekazaritzan, kotoia, laboreak, fruituak, tabakoa; abere hazkuntza, artiletarako batez ere; meatzaritza; turkesak, gatza, burdina, kobrea, beruna, zinka, ikatza.  v  Historia. Antzina gaur egun Turkmenistanen eta Afganistanen dauden zenbait lurralde ere hartzen zituen. Akemenestarren (K.a. 559-330) eta Sasaniden (K.o. 224-651) inperioen zatia zen. 651-652ean arabiarrek konkistatu zuten eta ia askatasun osoa izan zuen, lehendabizi Toghril Beg-ek, gero Gengis Khan-ek eta geroago Timur-ek konkistatu zuten arte. Geroztik Iranen mende egon da.