Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Khmer Gorriak

Kanbodiako gudaroste komunista, Kanbodiako aginpideari eusteagatik gizateriaren historian izan den hilkintza handienetako baten erantzulea. 1951n, Vietnamen, Kanbodiako Herri Alderdi Iraultzailea (Kanbodiako Alderdi Komunista eta Kanbodiako Alderdi Demokratikoa deitua gero) sortu zen, Pol Pot komunistaren gidaritzapean. Pol Potek Frantzian egin zituen ikasketak, gero alderdiko buruzagi izango zirenetako beste askorekin batera. Garai hartan Norodom Sihanuk printzearen gidaritzapean egon zen Kanbodiako gobernua. Khmer Gorriak gobernuaren kontra egin zuen, baina Vietnamgo gudarosteak Sihanuken gobernua hartu zuenean, 1970ean, Sihanuken indarrek bat egin zuten Khmer Gorriarekin. 1970-1975 bitartean gerra zibil odoltsua izan zen. 1975ean Khmer Gorriak Phnom Penh inbaditu zuen eta bere gain hartu zuen herriaren gobernua. Konstituzio berriak alderdi komunista legeztatu zuen eta izen berri batez izendatu zuen herrialdea: Kanbodia. Sihanuk Txinara erbesteratu zen. Khmer Gorriek, nekazari gizarte idiliko bat sortzeko ametsarekin, milioitik gora pertsona hil zituzten, goi mailako profesional eta gizarteko eliteko kide ia guztiak, besteak beste. 1979an, Vietnamgo gudarosteak herrialdean sartu zirenean, Pol Pot eta Khmer Gorria oihanean ezkutatu ziren, eta Txinarekin laguntzarekin, gerra egiten jarraitu zuten, Thailandiako muga inguruan. ■ Ordu arte Khmer Gorriaren mendean egondako lurrak atzera bereganatzen hasi zen Vietnamgo gobernu berria, eragozpen handiekin, Khmer Gorria indarrean baitzegoen oraindik. 1982an Khmer Gorriak bat egin zuen komunista ez ziren baina vietnamdarren aurka zeuden beste khmer talde batzuekin. Laurogeiko hamarraldiaren bukaeran, vietnamdarrak herrialdetik alde egiteko prestatu ziren, eta 1989an Kanbodia atzera Kanbodia bihurtu zen. Hurrengo urteetan lau talde borrokatu ziren Kanbodiako kontrola eskuratzearren. Nazio Batuen ekimenez lauek su-etena hitzartu zuten, eta 1993rako hauteskundeak deitzea erabaki. Khmer Gorriak boikota egin zuen. Norodom Ranariddh printzeak, Norodom Sihanuken semeak, irabazi zituen hauteskundeak, eta errege izendatu zuten 1993an. Kanbodiako Herri Alderdiko buru Hun Senek Ranariddh printzearekin aginpidea banatzea lortu zuen. ■ Pol Pot 1997an berragertu zen, hogei urtez ezkutuan bizi ondoren. Khmer Gorriak taldeko bi buruzagik Pol Pot atxilo hartu eta beste jeneral batzuekin batera oihanean auzipetu izana adierazi zuten. Nazioarteko begiraleek, baina, iruzurtzat jo zuten auzia. Handik gutxira, Hun Senek Norodom Ranariddhen lekua hartu zuen, estatu kolpe baten bidez. Kanbodiako gobernuak ez du egonkortasunik lortu eta Khemer Gorriak irekitako zauriak erabat itxi gabe daude oraindik.